XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BAIONA

KALONJE BERRI

Yves Lacrambe jaun apez gaztea, Uztaritzeko Semenarioan erakasle eta Kanbon errient izan ondoan, Avignon-erat joan zen Mgr Urtasun bere osaba Artchapezpikuaren segretario gisa.

Egun hautan osabak egin du ohorezko kalonje.Gure goresmenik beroenak.

ANGELU

GARRATOINAK

Garratoinak ari baitziren izigarri populkatzen, herriko gizonek hedarazi dute heien hiltzeko pozoina etche guzietan betan, ez dezaten izan eskapurik.

UZTARITZE

DOLU

Maiatzaren 20-ean izan ginituen Bernard Marticorenaren ehorzketak. Gaicho gizona ichtripu batek funditu zuen etcheratekoan maiatzaren 18-ko gauean. Gure doluminik bizienak familiari.

ETCHE-SOLAS

Nor edo nor gerta baladi etche berri bat egin beharrean presenta herriko etcherat asteegunez goizeko hamar orenetan Chehetasunak emanen diozkate.

SOLDADO-MALOBRAK

Gure herriko eremuetan, errearoaren 10-a arte, soldado angles eta frantses batzu ariko dira malobretan. Jendek ez ditzatela debeka beren lanetan. Eta soldadoek egiten badute behar ez bezalakorik, abisa jandarmeria.

SEMENARIOAN

Salbatorez 22 mutikok egin dute bataioko agintzen berritzea.

Denak fraile-churi bezti ziren. Predikari hauta: aita Xavier Diharce beneditanoa.

Haurrak loriatuak haren solas onez, eta bertze guziak ere bai. Esker mila, aita Diharce!

Astelehen, 30-ean, Jaun Superioaren besta. Hiru komedia pollit baziren, gaztek emanak talendu hainitz erakutsi baitaukute.

AINHOA

MENDEKOSTE BIHARAMUNEKO BEILA

Mendekoste biharamuneko beliari buruz Ainhoarrek Arrantzeko kapera teilatu berri batekin ezarri dute, murruak churiturik, galbarioan haizeak botaia zuen ohoina berriz chutiturik bere kurutzearekin.

Bideari ere pasaldi bat ona eman diote juanden larunbat atsalde guzian han gogotik arizan diren gizon andana batek.

Eta orai eskualde guzietako beilatierrak jiten ahal zaizte!

Huna chehetasun zonbeit Mendekoste biharamuneko jakin behar ditutzuenak:

- Prosesionea abiatuko da Elizatik 9 orenetan.

- Deneri galdatua zauzue beilaren egitea haste hastetik.

Erran nahi baita, ez dela gain hartan egon behar prosesionea jin beha edo bide bazterrean prosesionean sartzeko.

Beila Ainhoako Elizan hasten da Gurutzea handik atheratzen baita. Beraz denak Ainhoako Elizarat heldu den astelehenean 9 orenetako chuchen.

Eta egun hori izan dadiela Ama Birjinari ohore haundiena ekarriko duen egun eder bat, gain hartarik begira dezan gure Eskual-Herri maitea!

JATSU

BEILA

Usaian bezala aurthen ere beila izanen da Jatsuko kaperan.

Meza hamarrak eta erdietan.

Ebanjelioak emanak izanen dira meza aintzinean eta ondoan.

Denek badakite beila hori dela haurren beila berezia.

Urthe guziez, alde guzietarik, Milafrankatik, Uztaritzetik, Larresorotik, Haltsutik Elizaberritik, Hazparnetik, jiten dira tropan haurrak beren burhaso eta haurideekin, Jatsuko mendi kasko pollit horren gainean, benedizione baliosenen hartzerat: zuen beharra ez da memento huntan munduko lanjer guzietarik begiratzeko?

Segur hainitz jende jin nahiko da Mendekoste biharamunian Jatsuko Salbatoreko kapera ttipirat.

HILTZE

Duela zombeit egun hil zauku ezti eztia, Halzuet Larrekikoa.

Gure doluminak haren lau seme alaberi.

ESKUARAZKO IKUSGARRIA

Mendekosteko igande huntan emaiten daukute Begiralek, Gure-Etchean, beren 25 garren urthe-buruaren okasioneko ikusgarria.

Hau asiko da, Otegi eta Larzabal-en aintzin solasarekin eta segituko, Iratzeder, Lafitte, de Monzon-en ageraldietarik hautaturikako itchura, elhe, soinu eta kantuekin.

Asiko da laurak eta laurdenetan.

Jar tokiak gelditzenaal dire aintzinetik, Gure-Etchean berean, goizetan, hameketarik eta eguerdi eta erdiak artean eta aratsaldetan, bortzetarik eta zazpiak artean.

Pensatzeko da, gure eskualdun guziek ikusi nahiko dutela ikusgarri hau, denbora berean, Begiraler beren adichkidetasuna erakusterat emanez

AMEN BESTA

Ederki iragan da, ganden igandean, gure amen besta.

Jende haunitz aurkitu da meza nagusian, zointan okasionezko prediku bat egina baitzizaukun.

Haurrek ekartzen zituzten loreak benedikatuak izan dire, beren ameri eskainiak izan aintzinean.

Meza ondoan, herriko etchean, jaun auzaphezaren ordainak, jaun erretorak eta familien batasunaren buruzagiak entregatu dituzte, ama merechidun batzueri, familia frantsesaren medailak.

Huna zoin izan diren aurthen, medaila hau ardietsi dutenak: Bercetche, Biros eta Oyarbide andreak.

Hirur ama familiako hauek onhar ditzatela gure konplimendurik bizienak.

Aratsaldean, hirur orenetan egin da, Ducontenean, familien batasunaren urtheko bilkura.

Urthe batez egin lanak agertu dire, ala nola familien onetan eginak izan diren urhatsak.

Bilkura hauek merechi lukete hobeki segituak izaitea.

Pilotako plazan aldiz mundua zen bildua, haurrek emaiten zaukuten bestaren ikusteko.

Erran behar da, buruz buru besta ederra izan dela.

Aldizka, gure herriko eskola guzietako haurrek eman dauzkigute joko, kantu, dantza eta bertze, denen gusturakoak.

Hitz batez, egun on bat izan da eta gure herriko amak ahal bezain ongi ohoratu ditugu.

MERKATUKo PREZIOAK

Hiltzeko azindenak:

Idiak (kiloa) 2, 10 eta 2, 60 libera artean; behiak, 1, 60 eta 2, 00; chahalak, 3, 10 eta 3, 50 cherri gizenak, 2, 30 eta 2, 60

Altchazekoenak: Cherri umeak (kiloa) 2, 70 eta 3, 20 libera artean, denak diru berritan.

URRUGNA

EGUN EDERRA

Erran gabe doa ezin ahantzizkoa eta ezin hobekiagokoa iragan dela gure Sokorri-ko Ama maitearen egun balios hori!

Ehun eta hogoi-eta-hamar bat gaztek egina ginduen hiruz-palau egunez erretreta bat, segur gure gogo-bihotzak iratzarri dituena.

Garro-ko eskolan omonier den Gosterratxu jaun aphezak zer hitz sarkorrak ez dauzkigu adi-arazi, bere predeiku garbi mamitsuekin! Egiazki, egun osoak ere ez litazke luzegi holako argitzale baten aintzinean pasatzeko.

Beraz igande goizean mezanausi eder bat izan dugu, gure jaun erretorak emana.

Hor ere zer gazteria etzen bai ofrendan eta bai mahain sainduan!

Holako gazte-aldea duen herria ez da beldur geroari buruz burua gora abiatzeko, herri gutitan baita holako gazteria mememento huntan.

Arratsaldean beraz Ama Sokorrikoaren kaperarat proosinoa, Ama maite horrek nahi zuen, egun osoa egun eder baliosa izan zadien: goiz aldetik eman dauku egun bat gochoa; iduzkiak ere berotzen baitzuen memento batez, Urruñako xoko guzietarik mugi-arazi du jendea; eta auzo-herrietarik ere zer jende-aldea etzen proosione hortan!

Han, Sokorriko gainean, Garat jaun kalonjeak egin dauku egunari zoakon predeiku sakor bat, denak guti edo aski ukitu gaituena.

Ondotik nexka tikiek egin dute koronaren ofreitzea Ama on horri.

Gero segidan jautsi gare elizarat, hor behar baitzuen akabatu Sakramendu Sainduaren benedizione batek ezin ahantzizko egun eder goxo hori.

ETCHAHUN

Loriatuak gelditu gare Urruñan Etchahun ikusi-ta.

Lehenik gustatu zaiku gain-gainetik ikusgarria bera.

Badauka erakaspen ederra: erakusten du gizon bat, itxura guziak kontra dituelarik ere jenden begietan, ez dela behar itxura hetarik jujatu.

Erakaspen hori ez du ematen predikuz: bainan erakutsiz familia batean eta herri batean gauzak nola dabiltzan.

Eta herri batean bada denetarik, jende zuzen eta aldrebes, memento latz eta oren jostagarri: ikusgarri hortan ere ba.

Jokolariez ez dugu gutiago errateko; urgulurik gabe, kasik halako herabe-aire batekin, bainan zoin goxoki eta zoin sanoki jasta-arazi daukuten Larzabal jaunaren eskual-jaki bixia. Ageri dute beren lana amodioz egiten dutela.

Bertzeak bertze, gauza bat gustatu zaiku guziz Urruñan: garaztar horien eskuara gordina: mendietako harroka bezain zorrotza, hango bereko itur-hotxa bezain garbia.

Zoin aise derabilkaten mutikoek eta neskatxek berdin beren mintzaira aberats bezain arina.

Holako gazte-alde eder batek, nun nahi ibil dadin, ohore eginen dio bere herriari Egia-erran, nahi izan dugu segurtatu xuxen nun eta zer den Eyheralarre, heien herria eta ez gare guti harritu ikusiz ez dela jendetzez gure Oleta baino gehiago.

Bainan orai horien balioa baitakigu, ganen gare bertze aldi batez ere gogotik Eyheralartarren ikustera.

Onhar betzazte aldi huntakotz gure eskerrik beroenak.

ZOKOA

ZIKIN HORIEK

Nik ez dakit guhaur garen holakoak, hola merezitzeko edo zer - bainan, ezin onhartua da zertako, Zokoan direla-eta, jende batzuk hartzen dituzten molde basa berezi batzu.

Ez Donibanen, ez Ziburun, ez Hendian, ez duzu jendea ikusiko karriketan ibilki mainuko arropetan... Eta hemen, ez duzu bertzerik ikusten.

Jada abiatuak ditugu ausartak! Gure herriko buruzagiek muntatu dauzkute, karriketan, zikin biltzaleak...

Ez othe laiteke ongi munta ditzazten ere zikin kentzaleak?

Mainatzaileak dagozila mainuko arropetan maina-tokitan...

Bainan, handik kanpo, ibil daitela bertzela bezti.

HENDAIA

GORPUTZ BAT

Loia eta Haizabea-ren arte hartan, asteazken goizean, arraintzari batzuek aurkitu dute andere ongi jauntzi baten gorputza itsasoak botaia.

Berrogoi-ta-hamar bat urte markatzen zituen.

Jandarmek egin dute inkesta. Dotzena bat oren itho zela, eta ezagutu dute M.0.anderea zela, burdin-bidetako enplegatu ohia, etchetik falta zen, astearte aratsa danik.

EZKONTZA

Baptiste Alberro eta Marie Jeanne Ospital; Jean Louis Etcheverry eta Etcheverry.

Gure goresmenak.

SORTZE

Jean Pierre Heguy, Salaia; Philippe Marque, jandarmerian eta Roger Gerard Minhotzen.

Gure goresmenak.

HERIOTZE

Badira heriotze batzu, biziki min egiten baitute, ez bakharrik familian bainan herri guziari eta hotarik ginuen herriko azkena, Salbatore ilhuntzean.

Mattin Hiriart, 36 urthe, lau haurren aita, bulta huntan bihotzeko min batek khecharazten zuena, uste gabean utzi du mundu hau hitz bat erran gabe.

Sukhaldeko leihotik so zagon kanpora, erori eta akhabo gizona, emaztearen oinetan.

Heriotze horrek harriturik ezarri ditu herritar guziak.

Mattin, etzen lehen jina eta langile familia gehienak behartu dira haren laguntzez: ez ukhanik ere eskola handirik, baitzuen argi eta hedadura, oraiko lege berri anhitzetan, alokazione eta beste.

Zapeta lantegietako langilek hautatua zuten, Baionako batasun berezi batzuetan beren gizon eta aspaldian, batasun nagusiko gizonetarik zen, pharte hartzen baitzuen batasuneko gora behera guzietan.

Lege berrietako phonduak, cheheki hartzen zituen izkirioz, eta emeki-emeki bazuen bildua argi parrasta bat, denen onetan baliatzeko eta egiazki baliatu ditu, bere jakiteari esker, laguntza galde guziak lagundu baititu, zuzenen eskuratzen.

Biziki maithagarria, gochoa lagunkina eta ezin gehiago hurbil erretcha eta denek maite ginuen Mattin eta ez da harritzeko, laraunbatean, mundu bat baitzen ehortz mezan.

Baionatik ere hor ziren Sécurité Sociale eta Allocations Familiales buruzagi eta gizonak denak joak eta nola joak, beren lagunaren galtzeaz.

Atsolbea aitzin, Idieder, gure jaun erretorak solas hunkigarri ederrenez erran du, nolako gizona eta fededuna zen Mattin, galdatuz, holako gizon eta aita familiakoak jali diten langilen erdian, lagunen laguntzale eta argitzaile.

Aita hilarrietarat laraunbatean, eta biharamunean haur zaharrena kominione handiko.

Erran dezagun, Mattinek bazakiela nolako eritasuna zuen eta zer gerthatzen ahal zakon uste gabean. Prest zagola Jainko onaren aitzinean agertzeko, ez da dudarik.

Othoitz eginen dugu denek haren arimarentzat, ez bada zeruan, ahal bezen laster sar dadin.

KOMINIONE HANDIA

Salbatorer kolejian eta igandean herriko elizan, kominione handia zuten haurrek, 33 kolejioan eta ehun bat herrian.

Kolejioan, meza emaile, Charritton kolejioko superiora eta haurren moldatzaile, Aita Idiartegaray, misionesten buruzagia.

Gure elizan, meza emaile Pochelu, jaun kalonjer, Maule kolejioko superiora iloba bat baitzuen kominioneko eta haurren moldatzaile.

Gosterratxu, Lekhorne Garroko jaun aphez buruzagia.

Biziki solas hunkigarriak erran dituzte bi predikariek, solas berdintsuak, bainan gehienik burhasoer zohazinak, burhasoen eskuetan baita haur horien geroa.

Bethi egia: nolako burhaso, holako haur. Zioten: ikhusiz gure bizi moldea, erran ditakea girichtino girela? Jainko legean behar ditugu finkatu gure urhats guziak.

Haurrek eginen dute aitamek egiten dutena eman etsenplu ona denetan.

Jarraik, hemendik aitzina, Jesus maiteari hain gogotik eta goraki eskua altchatuz egin agintzak, haur horiek ez ditzaten ukha, burhasoen lazakeriaz edo etcheko bizi molde zarraz, solas gelgarriez. Zeremonia ederrak burutik-buru.

KONFIRMAZIONEA

Astelehen aratsaldean, hiru ehun bat haurrer eman du gure jaun aphezpikuak, konfirmazioneko sakramendua.

Zeremonia ederra hau ere.Haur bakhotchak bazuen, muthikoek beren aitatchia eta neskek beren amatchia; heldu baita anhitz jende bazela haurren inguruan.

Lehenik jaun aphezpikua mintzatu zauku sakramenduaren indarrez eta nola behar giren bethi, nun nahi eta edo zoin kasutan Jainkoaren lekhuko, Kristoren soldado agertu.

Egin dugu anhitz othoitz eta khantu, micro tresna hartan, Eyherabide jaun bikariak, denak akhulatzen baitzituen, ezin hobeki.

Zeremonia ondoan, eliza aitzinean, lanak zituen jaun aphezpikuak, urhats bat ezin eginez, denek haren erhaztunari musu eman nahi, haur, gazte eta gizon; bainan, artzain nagusiak, irrigno gocho batekin luzatzen eskua, haurrer eta bereziki besoetan ziren haur ttipier.

Itzuli hortan, bere ondoan zituen. Narbaitz jaun kalonjer bikari jenerala eta Goity jaun aphez bere sekretario berezia.

MINHARTZE

Azken denbora hotan ere, ukhan dugu herrian motoen elgar joite batzu, bat aski borthitza, klinikaren beharra izan baitute.

Sobera zalhu dabiltza, ba eta ez aski kasu egiten bidetan eta bihurgune eta patarretan; bainan, bide itzuli batzuetan, hesi eta bidehegietako belhar eta hostoilak moztuak balire, biziki elgar joite gutiago litake.

Bideak eta ibiltzeko dretchoak aski khario baitira, iduri luke bide itzuliak bederen, garbichago ukhaitearen dretchoa badutela, oto eta motodunek.

Gerota gehiago tresna, gerota gehiago lanjer bada eta bide itzuliak behar litazke urthean bietan garbitu, maiatzen eta larrazkenean.

Aise egiten ahal den lan ttipi bat da, bidez kargatuak diren buruzagiek, begi onez ikhusten balin badute, ibiltzalen nahia.